2007-11-18


Euskaltzaindiaren arau-erabakien banaketa elektronikoa abian


Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri du. Sistema horren izena e-AEB da, hots, arau-erabakien banaketa elektronikoa. e-AEB sistemaren bitartez, Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izango da.
Ikus dezagun zehatzago zer eskaintzen digun sistema berriak:
Zerbitzu berria, aukera berriak
Non dago berrikuntza? Orain arte, Euskaltzaindiak arau-erabaki guztiak zabaldu egin ditu eta gizartea jakinaren gainean jarri. Orain, edukia ez, baizik eskuratzeko era aldatzen da, arau guztiak oso-osorik jaisteko moduan jarri baitira. Arau, irizpen eta antzeko dokumentu solteetan sakabanatutako erabakiak zerrendetan bildu dira.
Zerbitzu hau erabiltzeko web nabigatzailea eta PDF irakurgailua aurretik instalatuak izatea besterik ez da behar.
Informazio berritua eta erabat eguneratua eskeiniko du. Arau bati edota izendegi bati eduki berriak gehitzen zaizkion unean, bertsio berria kaleratuko da, alegia, testu zaharrari eduki berriak erantsiko zaizkio eta arau-erabakiaren testua guztiz eguneratua izango da. Arau baten bertsio bakarra izango da, eta hori beti izango da azken-azkena.
Arau maila duen erabaki bat onartzen denean, posta elektronikoz harpidedun guztiei horren berri emango zaie, eta arau berria edota e-AEBren artxibo berria jaitsi ahal izango dituzte esteka batean klik eginda. Harpidedun egiteko bidea e-AEB zerbitzuan bertan ematen da.
Euskaltzaindiaren arau eta erabaki guztiak Euskaltzaindiak sortuak dira, eta beraz, Akademiak du horien jabegoa. e-AEB sistema berriaren ondorioz, -orain arte ez bezala- Euskaltzaindiak eskubide batzuk eman egiten dizkio gizarteari. Asmo komertzialetara bideratzen ez den bitartean, edozein gauza egin daiteke: arauak kopiatu, zabaldu, erabili bestelako lanak egiteko..., beti ere Creative Commons lizentziapean. Edozein modutan, lizentziari buruzko informazio osoa e-AEB sistema barruan ematen da.
Euskaltzaindia zabalik dago lankidetzarako. Arlo honetan interesik izanez gero, info@euskaltzaindia.net helbidera idatzi besterik ez dago.
Ikus hemen zerbitzu berri honen azalpen zehatza, bideoan.

No hay comentarios: