2007-11-20


Elebakarrak kutsatu nahi dituen birusa

Oso kutsakorra izan nahi duen birus berri bat azaldu da gurean. Ukan izena jarri diote eta, bestelako birusak ez bezala, asmo onekin dator: euskararen aldeko jarrera sustatuz, elkarbizitza hobetzea du helburu.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laborategitik atera dute Ukan, "elkarbizitzaren birusa". Abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamonean- bukatuko den sentsibilizazio kanpaina berria tajutu du, izan ere, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.
Kutsatu! Ekin, ukan, ekin leloa darama kanpaina berriak, eta helburu nagusi bat dauka: euskararen aldeko jarreren bitartez, EAEko biztanleak elkarbizitzaren birusarekin kutsatzera animatu nahi dituzte.
Euskararen aldeko jarrerak sustatu nahi ditu kanpaina berriak, batez ere elebakarren artean. Euskaraz ez dakitenei zuzendu nahi zaie bereziki komunikazio kanpaina gisa gauzatu den ekimen berriaren mezua.
Errealitate berean batzutan nahi baino urrunago sentitzen diren euskaldunen eta elebakarren munduak elkar hurbildu eta elebakarrei euskarara biltzeko gonbita luzatu nahi zaie, azken batean, euskara denona dela eta denon beharra duela azalduz.
"Pertsona multzo bakarra aurkitu dugu Ukan birusarekiko kutsaezina: munduko hizkuntzak gutxiagotzea mesedegarri eta hizkuntzen balioa hiztunen kopuru soilaren baitan ikusten dutenek osatutakoa", azaldu zuen Umaranek kanpainaren aurkezpenean.

No hay comentarios: