2007-11-30


Haurrentzako ipuinak

Nork ez du gogoratzen umetan gurasoek edo aitite amamek irakurri edo kontatzen ziguten ipuinak eta istorioak? Orduan ez ginen konturatzen baina ipuinarekin bat hizkuntza eta ohitura transmisio bat zegoen, baita irakurzaletasunaren bultzatzea ere.
Ipuinek izugarrizko garrantzia dute haurrentzat, ipuinen bitartez gauza pila bat ikasten baitituzte. Ipuinak ikasketaren etengabeko iturri dira. Ipuinen bitartez besteekin erlazionatzen ikasten dute, oharkabean alde egiten diguten errealitateri buruzko galderak egiten dituzte... Kontraesana dirudi, baina fikzioaren bitartez iristen dira errealitatera haurrak. Errealitatean ez daude ipuinetako sorginak, mamuak, ankerrak... baina bai beldurrak. Eta ipuinen bitartez haurrak berak ere bere beldurrak gaindi ditzakeela ikasten du.
Irakasleok tresna didaktikotzat erabil dezakegun tresna izugarria da, hizkuntza alorrean ere noski.


Euskara batua ala euskalkiak ?

Nire buruari sarritan egin diodan galdera da hau, hemendik eta gutxira umeekin euskaraz lanean arituko naiz eta ez dakit euskara batua ala euskalkiak erabiliko ditudan. Niretzat errezena bizkaieraz hitz egitea eta batueraz idaztea da, betidanik euskara batua euskara zaindua eta idatziarekin lotu dugulako, hau bai akatsa! Gaur egun bizkaieraz alfabetatu beharra daukagu eta gu haurrak ginenean bizkaieraz idazten ikasi izan bagenu batuera nahi gabe ikasiko genukeela uste dut.
Nire iritziz, euskararen erabileraren arabera bereiztu beharko litzateke, etorkizuenean ikasleek euskara erabiliko dutela aurreikusita bakoitzaren euskalkian alfabetatu, komunikabideekin batuera ikasiko baitute, eta gutxiago erabiliko dutenak batueraz alfabetatu. Beraz, nik herri eta eskolaren arabera egingo dudalakoan nago, beti ere bereizketa garbia eginez.
Euskaltzaindiak ere, auzi honen inguruan 2004an arauak jarri zituen.

2007-11-28


Ikastolen Elkarteak jokoen katalogoa osotuko daben sei produktu aurkeztu ditu

Ikastolen Elkarteak 1991-1992 ikasturtean martxan jarritako egitasmoak frutu barriak emon ditu. Katalogoa osotuko daben sei produktu barri aurkeztu ditue: 'Bokalak', 'Euskal Alfabetoa', 'Txinpartagailua', 'Hitzen Lotoa', 'Bingoa' eta 'Olentzeroren panpina'. Aurkezpenean, Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko jokogintza arduraduna; Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria; Manu Aurrekoetxea Bizkaiko Ikastolen Elkarteko zuzendaria; eta, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendaria izan dira.

'Euskeraz jolastu, euskeraz bizi' lelopean aurkeztutako jokoak 'baliabide garrantzitsua dira hezkuntzan', adierazo dabe ordezkariek. Batetik, adin bakotxari jagokozan gaitasun orokorrak garatzen laguntzen dabelako; eta, bestetik, Euskal Curriculum Proiektua dalakoagaz loturea dabelako irakasmaila bakotxean erabilten diran jokoek. Holan, 'kontzeptuak eta prozedurak lantzeaz gan, baloreak be transmitiduten dira, edozein baliabide didaktikotan legez'.


Etorkinak eta hizkuntza integrazioa

Azken urteotan, gero eta etorkin gehiago ditugu gure eskoletan eta urtez urte areagotzen joango direla iragartzen dute ikerketa guztiek. Angeles Iztuetak, ikasturte bakoitzean haur etorkinak %40 igoko direla aurrikusten du eta 2010. urtean 72000 izan litezkeela.Datu hauekin kontuan izan behar da errealitate hau ezin daitekeela alde batera utzi eta gai honen inguruan hausnarketa sakona eta erabakiak hartu beharko direla.Asko dira dauzkagun galderak. Zer da hizkuntza-integrazioa? Posible da integratzea harrera gizartearen hizkuntza batere ondo jakin gabe? Gure artean, hizkuntza bat (gaztelera Hegoaldean) jakitea nahikoa da “integrazioa” lortzeko? Zer eskatu ahal diegu etorkinei euskarari dagokionean? Gaiak gogoeta lasaia merezi du, zalantzarik gabe. Baina zer gertatzen da hizkuntzak bi direnean eta ez bat? Halakoxea baita Euskal Herriko egoera.Neure iritziz, etorkinen erabateko integrazioa izateko, Euskal Herriko bi hizkuntzak jakin eta erabili behar dira. Bietako bat ez dakienak (eta argi dago euskara izango dela gehienetan jakingo ez dena), herri honetako aberastasun kulturalaren zati handi batean ez du sarbiderik izango.

Zer da Kalitatezko euskara?

Asko hitz egin eta idatzi da kalitateaz, baina argi dago, oso ikuspegi desberdinak ditugula kalitatearen inguruan. Zalantzarik gabe hauxe da argitu beharreko lehen puntua: zeri esaten diogu kalitatezko hizkuntza? Zer da kalitatezko euskara ? kalitateaz ari garenean, ez gara arau gramatikalez soilik ari.Orduan zeri deitzen diogu kalitatea? Saia gaitezen bada, kalitatezko hizkuntza definitzen: kalitatezko euskara da, mendez-mende hizkuntzaren egiturari jarraituz, eta usadioak, hiztunek eta hizkuntza erakundeek osatu duten hizkuntz ondare osoa aintzat harturik (euskara batua, euskalkiak, hizkera bereziak, historikoak...), hiztun-elkarteari egunez egun sortzen zaizkion komunikazio beharrei jarrera beregain, ireki eta malgu batetik erantzuten diena eta hiztun bakoitzak egoera komunikatibo bakoitzean dituen behar linguistikoak asetzen dituena.

2007-11-25

Bitxikeria

Euskararen eguna gertu dago, abenduaren 3a hain zuzen ere, hori dela eta Eusko Sare-k
Euskararen Eguna zela eta, 1949.an kaleratutako jatorrizko Manifestua eta ospakizunaren gainean garai hartako prentsan agertutako albiste batzuk batu eta argitaratu egin ditu. Manifestua bera, Jean Saitn-Pierre-k eta Louis Dassance-k frantzesez eta euskaraz idatzita dago. Artikuluak euskaraz, gazteleraz eta frantzesez aurki ditzakegu, euskaraz daudenak garaiko Euskal Orriya eta Euzko Deya izeneko egunkarietan argitaratu ziren.
1949. urtean Euskararen eguna Mexiko, New york, Venezuela eta Parisen ospatu zen besteak beste!

2007-11-24


Aurrerapausoak, baina itzalak ere bai

EAEko euskararen legeak 25 urte bete ditu, horren harira, Berriak euskalgintzako eragileen balorazioak jaso ditu. Azken 25 urteotan legeak sortutako aldaketen balorazioa egin dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, AEK-k eta Euskal Herrian Euskaraz-ek. Gehienek legearen sorreraren garrantzia azpimarratu dute, era berean, gaur egungo egoerara egokitzeko beharra ere adierazi dute.

2007-11-23

WALL STREET JOURNAL


Wall Street Journal-eko artikulu famatuari erantzunez honakoa prestatu dute Eusko Ikaskuntzakoek: sinadura bilketa egiten ari dira Interneten bidez.

WALL STREET JOURNAL delakoak berriki sortutako auziari erantzuna eman nahian, Eusko Ikaskuntzak aukera ematen du, beheko testua egunkari horretara bidaltzeko. Irakurri testua eta ados bazaude, zure adostasuna gehituko dugu beste milaka lagunenari.

'Euskara erabiltzen dut lanean barre egiteko, haserretzeko, adiskidetzeko, akordiotara iristeko... Lagunekin eta familiarekin komunikatzeko. Ikertzeko eta ikasteko. Esna eta lo, amets egiteko. Nire seme alabekin jolasteko, pozteko, maitatzeko, zigortzeko, eztabaidatzeko... Ligatzeko, maitasuna egiteko, ongi pasatzeko... Eta beste edozein hizkuntzatan egin daitekeen guztirako.'

Erantzun guztiak Eusko Ikaskuntzak Wall Street Journalera bideratuko ditu
Sinatu euskararen alde!!! Sartu hemen eta sinatu.


ANIMA ZAITEZ ETA ZATOZ EUSKARAREKIN!

2007-11-22


Ilunbeko maletilla

GARA egunkariak azaroaren 18tik abenduaren 15era Ilunbeko maletilla jokoa proposatu du. Salto egin plazara, bertsoz-bertso, bertsoak zezen-plazan? Ez, lasai, ez dute burua galdu; gure jai nazionala bertsoa da. Joko bat proposatu nahi digute, jolas parte hartzailea, dibertigarria, probokatzailea. Luxuzko lau «plaza-zezenekin» egingo dute jokoa: Andoni Egaña, Xabier Silveira, Maialen Lujanbio, Xabi Paya, eta maletilla talde elegante eta bikain batekin egingo dute salto plazara: gurekin... Ilunbeko maletillekin.

2007-11-20

Hizkuntzaren jabekuntza

Haurrek hitz egiten ikasteko beharrezkoak dituzten ezaugarri batzuekin aurkezpen hau egin dut, ea zer deritzozuen!


Elebakarrak kutsatu nahi dituen birusa

Oso kutsakorra izan nahi duen birus berri bat azaldu da gurean. Ukan izena jarri diote eta, bestelako birusak ez bezala, asmo onekin dator: euskararen aldeko jarrera sustatuz, elkarbizitza hobetzea du helburu.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laborategitik atera dute Ukan, "elkarbizitzaren birusa". Abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamonean- bukatuko den sentsibilizazio kanpaina berria tajutu du, izan ere, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.
Kutsatu! Ekin, ukan, ekin leloa darama kanpaina berriak, eta helburu nagusi bat dauka: euskararen aldeko jarreren bitartez, EAEko biztanleak elkarbizitzaren birusarekin kutsatzera animatu nahi dituzte.
Euskararen aldeko jarrerak sustatu nahi ditu kanpaina berriak, batez ere elebakarren artean. Euskaraz ez dakitenei zuzendu nahi zaie bereziki komunikazio kanpaina gisa gauzatu den ekimen berriaren mezua.
Errealitate berean batzutan nahi baino urrunago sentitzen diren euskaldunen eta elebakarren munduak elkar hurbildu eta elebakarrei euskarara biltzeko gonbita luzatu nahi zaie, azken batean, euskara denona dela eta denon beharra duela azalduz.
"Pertsona multzo bakarra aurkitu dugu Ukan birusarekiko kutsaezina: munduko hizkuntzak gutxiagotzea mesedegarri eta hizkuntzen balioa hiztunen kopuru soilaren baitan ikusten dutenek osatutakoa", azaldu zuen Umaranek kanpainaren aurkezpenean.

2007-11-19

Hona hemen bideo interresgarri bat

http://es.youtube.com/watch?v=buBt1Q3naIs

2007-11-18

Ipuinak ulertarazteko mekanismoak



Blog honek "ipuinak ulertarazteko mekanismoak" izena du, haurrentzat, haur hezkuntzan batez ere, ipuinak daukan garrantzia kontuan hartzen badugu: errealitatea ulertzen laguntzen die, eguneroko egoeratan nahiz eta beldurra izan aurre egin daitekeela ikasten dute... blog honek bide ezberdinak aurkezten ditu.
Haur Hezkuntzako umeentzat ipuin bilduma aberatsa dauka, guretzat baliabide eta eredu izan daitekeena.
Nire gaia aipatuz, adin jakin bateko haurrek ipuinen bitartez ikasten dute, euskaraz hain zuzen, sentimendu, afekzio, balio eta guzti hau euskaraz eginez gero hizkuntza bera ere transmititzen ari garela pentsatu behar dugu. Horregatik, behin eta berriro gure burua errepikatuz, adin horretan batez ere, ahozko hizkuntza aberatsa ezinbestekoa dela berretsi.


Euskaltzaindiaren arau-erabakien banaketa elektronikoa abian


Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri du. Sistema horren izena e-AEB da, hots, arau-erabakien banaketa elektronikoa. e-AEB sistemaren bitartez, Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izango da.
Ikus dezagun zehatzago zer eskaintzen digun sistema berriak:
Zerbitzu berria, aukera berriak
Non dago berrikuntza? Orain arte, Euskaltzaindiak arau-erabaki guztiak zabaldu egin ditu eta gizartea jakinaren gainean jarri. Orain, edukia ez, baizik eskuratzeko era aldatzen da, arau guztiak oso-osorik jaisteko moduan jarri baitira. Arau, irizpen eta antzeko dokumentu solteetan sakabanatutako erabakiak zerrendetan bildu dira.
Zerbitzu hau erabiltzeko web nabigatzailea eta PDF irakurgailua aurretik instalatuak izatea besterik ez da behar.
Informazio berritua eta erabat eguneratua eskeiniko du. Arau bati edota izendegi bati eduki berriak gehitzen zaizkion unean, bertsio berria kaleratuko da, alegia, testu zaharrari eduki berriak erantsiko zaizkio eta arau-erabakiaren testua guztiz eguneratua izango da. Arau baten bertsio bakarra izango da, eta hori beti izango da azken-azkena.
Arau maila duen erabaki bat onartzen denean, posta elektronikoz harpidedun guztiei horren berri emango zaie, eta arau berria edota e-AEBren artxibo berria jaitsi ahal izango dituzte esteka batean klik eginda. Harpidedun egiteko bidea e-AEB zerbitzuan bertan ematen da.
Euskaltzaindiaren arau eta erabaki guztiak Euskaltzaindiak sortuak dira, eta beraz, Akademiak du horien jabegoa. e-AEB sistema berriaren ondorioz, -orain arte ez bezala- Euskaltzaindiak eskubide batzuk eman egiten dizkio gizarteari. Asmo komertzialetara bideratzen ez den bitartean, edozein gauza egin daiteke: arauak kopiatu, zabaldu, erabili bestelako lanak egiteko..., beti ere Creative Commons lizentziapean. Edozein modutan, lizentziari buruzko informazio osoa e-AEB sistema barruan ematen da.
Euskaltzaindia zabalik dago lankidetzarako. Arlo honetan interesik izanez gero, info@euskaltzaindia.net helbidera idatzi besterik ez dago.
Ikus hemen zerbitzu berri honen azalpen zehatza, bideoan.

2007-11-11

Hezkuntza eta euskara



Blog hau hezkuntzan ari den pertsona batek sortua da, bertan irakurketa eta idazketa nola landu, etorkinekin euskara nola landu, euskalkien trataera eta hainbeste alor ezberdin agertzen dira. 25 urteren ostean, aitortu beharra daukagu ereduen sistemak garai bateko premiei erantzun ziela, baina gaur garaiz kanpo eta gaindituta dagoela. Egoera nabarmen aldatu da, eta hezkuntzaren munduko pertsona ugari eta elebitasunaren alorreko hainbat aditu aspaldian defendatzen ari dira ezin zaiola hizkuntz ereduen sistemari denbora gehiagoz eutsi.

Euskaljakintza


Blog hau Jakintza Ikastolako DBH2 ziklorako sortua dago eta nire kasua haur hezkuntza da, beraz, lotura zuzenik ez du. Hala ere, erabilgarria iruditzen zait, alde batetik niretzat teknologia berrietan diren hainbeste gauza zer diren eta nola egin azaltzen duelako (webquestak, wikiak...) eta bestetik hizkuntza mailan zalantzak argitu eta baliabide franko dituelako. Haur Hezkuntzan haurrekin erabiltzako ez baina maisu-maistrok kontsultatzeko egokia deritzot.